Agiria

enero 20, 2012

Asamblea Adetik

ADETIK: Informatikaren sektorean esplotazioaren eta eskastasunaren aurka

Azken urteetan, informatikaren sektoreko langileok (IKT) ikusi dugu gure lan-baldintzek okerrera egin dutela pixkanaka-pixkanaka, bai eta sektoreak oro har eta lanbideak entzutea galdu duela ere.

Azterketa sakon bat egin ostean, ADETIK sortzea erabaki dugu, hau da, gure arazoak zabaltzeko eta langile gisa eragiten diguten kontuei erantzuteko foro bat.

ADETIKen Bizkaiko 2.500 langile baino gehiagok ordezkaritza daukagu gure ordezkarien bitartez, hainbat sindikatutako kide direnak. Modu horretan, orain arte ezkutuan mantendu diren edo enpresa bateko muga fisikoetatik harago heldu ez diren egoerak guztion arazo bihurtuko dira eta, hala, jendaurrean salatu egingo dira.

Oro har, informatikako sektoreko langileok honako ezaugarriak dituzten enpresetan lan egin ohi dugu:

  • Eskastasuna eta behin-behinekotasuna.
  • Estatu mailako hitzarmenak aplikatzea, probintziakoak beharrean, legeak ezarritakoari aurka eginez eta gure lan-baldintzak modu nabarmenean okertuz.
  • Karrera profesional bat garatzeko ezintasuna.
  • Kategoria profesionalak modu okerrean esleitzea edo, behintzat, modu bidegabean, hau da, benetan burutzen den lana baino baxuago dauden kategoriak aplikatuz edo dagoeneko zaharkituta dauden kategoriak aplikatuz.
  • Mobbing funtzionala, hau da, langilearen kategoriarekin bat ez datozen lanak egin behar izatea, bai kategoria altuagoa delako, bai kategoria baxuagoa delako. Horrek guztiak langilearen duintasunean eta autoestimuan eragina dauka.
  • Borondatezkoak edo hautazkoak ez diren aparteko orduak egin behar izatea, presioa egiteko eta xantaia egiteko elementu gisa erabiltzen baitira. Beraz, ordu horiek egiten ez dituen langileari ”konpromisorik ez duela” esaten zaio. Halaber, kasu askotan, ordu horiek ez dute kotizatzen, ez dira aitortzen, ez dira legeari jarraiki ordaintzen eta, kasu askotan, ez dira ordaintzen. Eta, noski, egindako aparteko orduei “esker” ez da lanpostu gehiagorik sortzen.
  • Mugikortasun geografikoa etengabeko mehatxu bat da. Horrek desoreka pertsonala eragiteaz gain, familia-egituran ere ondorioak edukitzen ditu.
  • Bete behar diren epe, produktibitate, bezeroen kontratuen berritze eta abar zorrotzen menpe lan egiteak dakarren presioaren ondoriozko estresa.

Horrez gain, gaur egungo gizartean, ikuspegi interesatu hau zabaldu da: informatika guztiontzako eragozpen saihestezinen eragilea da baina errealitatea beste bat da.

Nork ez du sekula entzun: garraio zerbitzuek, kutxazain automatikoek, edo edozein motatako makinek ez dute funtzionatzen “akats informatiko baten” ondorioz? Hain lagungarria den “akats informatikoa” enpresa informatikoetako giza baliabideen kudeaketa txarraren eta langileen lan-baldintzen ondorio zuzena besterik ez da. Baina beti da errazago “akats informatikoaren” bidez zuritzea, jendaurrean erantzukizunak gain hartzea baino.

Hori guztia gutxi balitz, proiektuen lehiaketetan eskaintzailerik okerrena erregea da –hori sektore publikoko kontratuen legearen menpe dauden herri-administrazioen kasuan ere aplikagarria da-, hortaz, sektore hori honen adibide bilakatu da: langileak esplotatzea guztiontzako kaltegarria da. Praktikan esan nahi du zerbitzu jakin batzuk ahalik eta merkeen egiteko aukera eskaintzen duten enpresarien esku uztea. Logikoa denez, horrek guztiak zerbitzuen kalitatean eta egonkortasunean eragina dauka baina, arazoren bat egonez gero, beti dago errua “akats informatikoari” egozteko aukera.

Gertaera gogoangarria izango da informatikaren eta telekomunikazioen sektorean; izan ere, orain arte gure artean gailendu den klase-kontzientziarik eza eta indibidualismoa desagerrarazteko sortu da ADETIK. Isolatu gaituzten burbuiletatik irteteko momentua da. Elkartasunaren, sindikazioaren eta konpromisoaren garaia da.

Sinatuta: Bizkaiko IKT enpresen Ordezkariak AXPE CONSULTING, BILBOMATICA, CROMION, CUSTOMERWORKS, DEUSTO SISTEMAS, ENTELGY-IBAI, GFI NORTE, IBERMATICA, INDRA SISTEMAS (Barakaldo), INFORMATICA DE EUSKADI, SIC, T-SYSTEMS, STERIA IBERICA, EUROHELP, PANDA SECURITY, LANTIK.

Anuncios
A %d blogueros les gusta esto: